Wikipedia ikasgelan landu

Wikipedia ikasgelan lantzeko irakasleen gida praktikoa aurkeztu du Ikastolen Elkarteak

 

Wikipedia ikasleekin ikasgelan lantzeko irakasleentzako lagungarri izango den gida praktikoa egin du Ikastolen Elkarteak, Euskal Wikilariak Kultura Elkartearekin elkarlanean, eta asteburu honetan Donostian egiten ari den ‘Wikimedia + Hezkuntza’ nazioarteko konferentziaren barruan aurkeztu dute gaur, Jose Luis Sukia zuzendari nagusiak eta Ander Iturburu gidaren egileak.

Aurkezpenean Sukiak azaldu duenez, Wikipedian sarrerak eginez, “aukera ematen digu gure ikasleen konpetentzia digitala areagotzeko, eta bertan sarrerak ekoitziz, bai Wikipedian zein Txikipedian, gure ikasleek alor desberdinak uztartuta proiektu batean murgiltzeko aukera dute. Ez hori bakarrik, irakasleen arteko elkarlana ere sustatzen du”.

Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak gaineratu duenez, beste hizkuntzetan dauden edukiak euskarara ekarriz, edota Euskal Herriko gaiak euskaraz landuz, “gure hizkuntzari ere ekarpena egiten diogu, eta Euskal Wikilariekin elkarlanean arituz, gure gizarteko beste eragileekin proiektuak aurrera ateratzeko aukera ere ematen digu”. “Azken batean, proiektu honen bitartez, gure ikasleekiko, euskararekiko eta gizartearekiko ditugun konpromisoak berresten ditugu”, laburbildu du Sukiak.

Gehiago irakurri

 

Share/Save