Ikastolen Elkartea, aurkezpena 2019-20

Hurrengo hamarkadarako gogoeta prozesua abiatu dute ikastolek

Baionako Bernat Etxepare Lizeoan ospatu dute ikastolek 2019-20 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia. Bertan iragarri dute hurrengo hamarkadarako gogoeta prozesua abiatu dutela, gizartean egon diren aldaketei ikastolek, hezkuntza erakunde gisa baina baita gizarte eta euskalgintzako eragile gisa ere, eman beharreko erantzunak jorratu eta erabakitzeko.

Duela hamar urte, hiru urteko gogoeta prozesu bat amaitu zuten ikastolek, eta horren ondorioa izan zen Ikastolen erakundetze berria Europar Kooperatiba bihurtuz. Horren ondorioa izan zen, baita ere, hamarkada honetan aurrera eraman duten eraldaketa pedagogikoa. Orain ere abiatzera doaz beste gogoeta prozesu bat ikastolen komunitatean, hurrengo hamarkadari erantzun egokiak emateko gakoak aurkitu eta garatzeko. Gizartea aldatzen ari da. Gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskaerak ere bai : «Ikastolok hausnartu behar dugu zer nolako erantzunak eman behar dizkiogun gizarte aldaketari, zer nola jokatu behar dugun hezkuntza erakunde gisa, baina baita euskalgintzako eta gizarte eragile gisa ere. Behar den denbora guztia hartuko dugu lan honetan, baina, era berean, denbora hori guztia ongi aprobetxatuko dugu, abiadura hartuta, ez gara geldituko», adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk.

 

Hiru erronka nagusi

Euskal gizartean eman diren aldaketen inguruan, fokua euskararen normalizazioan eta aldaketa demografikoan jarri du Tellituk. Lehenik ikasleen euskararen ezagutzaren eta kalitatearen beherakadaz ohartarazi du; gero, jaiotza tasaren jaitsiera larriaz mintzatu da; azkenik, atzerritar jatorriko ikasleen eskolatze desorekatua eta kolektibo hau proportzionalki hartzen ari den pisua izan ditu hizpide.

“Ikasleen euskararen ezagutza eta kalitatearen jaitsierari jaiotza tasaren beherakada (1937ko datuetara goaz) eta euskara eta euskal kulturaren ezagutza urria edo batere ez duten ikasleen pisua gero eta handiagoa eta segregazio arriskua batuz, ekaitz perfektuaren aurrean gaudela esan genezake? Ez nuke apokaliptikoa izan nahi, baina gerta daiteke denbora gutxian ia hogeita hamar urte atzera egitea”, ohartarazi du Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Baina arriskuak aukera gisa ere har daitezkeela erantsi du: “Herri gisa jokatuz gero, lor daiteke horri guztiari buelta ematea”. Horretarako etxeko lanak egin dituzte ikastolek: indarrak biderkatu dituzten ikasleen euskararen erabilera eta kalitatea hobetzeko, hizkuntza proiektuak eguneratuz; euskararekiko atxikimendua bultzatzeko Pulunpa egitasmoa sortu dute; atzerritar jatorriko ikasleentzako harrera planak gaurkotzen ari dira eta baliabide urriko familientzako beka sistema berria amaitzear dute.

Gehigo irakurri

Share/Save