21. Korrikaren unitate didaktikoa

21. Korrikaren unitate didaktikoak aurkeztu dituzte AEK-k eta Ikastolen Elkarteak

 

Korrikaren edukiak lantzeko unitate didaktikoa aurkeztu dute Bilboko Abusu ikastolan Korrikako eta Ikastolen Elkarteko arduradunek, bertako ikasleen laguntzarekin. Hemen duzue unitate didaktikora joateko lotura

Unitateak hezkuntza formalaren etapa guztiak hartzen ditu, Haur Hezkuntzatik 18 urtera bitartean, eta lehen aldiz aukera izango da osorik on-line lantzeko, horretarako sortu duten webgunean. Orain arte bezala, paperean deskargatzeko aukera ere izango da webgune horretan bertan.

Unitate didaktiko hau «elkarlan naturalaren fruitua» dela adierazi du Asier Amondo Korrika arduradunak, ia hogei urte baitira Korrikari buruzko lehen unitatea aurkeztu zutenetik. Ikastolen Elkarteko kideek sortu dituzte unitateak, baina hezkuntza-zentro guztietan lantzeko modukoak dira.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere hartu du hitza agerraldian, eta balio handia eman nahi izan dio euskararen normalizazioan lanean ari diren eragileen arteko elkarlanari.

Ikastolek Korrikari egiten dion ekarpena da unitate didaktikoa, eta horren bitartez, hamar egunez Euskal Herria zeharkatuko duen euskararen aldeko egitasmo handi horrekiko atxikimendua adierazten dio, herririk herri eta egunez egun tokiko ikastolek erakutsiko dioten bezala.

Orereta ikastolako irakasle Iñaki Zapirainek egin du unitate hau. Bera ere izan da aurkezpenean, eta Korrika.eus webgunean sartu eta unitatea probatzera animatu ditu ikasle guztiak. Gaurko agerraldian Abusu ikastolako ikasleak ere izan dira, eta haiek erakutsi dute unitatea nola erabili behar den.

Honatx unitate didaktiko honen azalpena.

Informazio gehiago

Share/Save