Asmo onak bai, baina...

"Asmo onak bai, baina..." Jose Luis Sukiaren iritzi artikulua

 

Aztertu berri dugu atzerriko jatorria duten ikasleen inguruan  Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak argitaratu berri duen azterlan sakona; baita eman dituen datuak eta egoera zuzendu-orekatzeko  proposatu dituen neurriak ere, eta egia esan behar badugu, nahiz eta guretzat neurri eraginkorrena esparru hau Hezkuntza Lege Orokor batean arautzea izan, pozten gara orain dela aste gutxi batzuk ikastolok aurkeztutako agiriarekin bat datorrelako hein handi batean, bai diagnostikoan, eta baita proposatzen dituen neurri batzuetan ere.

Diagnostikoan bat egiten du gurekin puntu hauetan:

  • Desoreka dago lurraldeen artean, eta, lurralde barruan, herrien eta hirien artean.
  • Desoreka dago sareen artean eta sare berdineko ikastetxeen artean.
  • Eskolatze batzordeek ikasturtean zehar egiten duten ikasleen banaketa ez da zuzena.
  • Matrikulazio oreka-desoreka ezberdina da etapen artean (eta, nagusiki desoreka hori Lehen Hezkuntzan ematen da eta ez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan).
  • Hizkuntza ereduak badu garrantzi handia ikasle talde honek aukeratzen duen ikastetxearekin, baita eskolatze batzordeek ikasle hauek nora bidali erabakitzeko orduan ere.

Proposatzen dituen neurrien artean, berriz, honetan egiten dugu bat:

  • Sarbide eta informazioan.
  • Plangintzan.
  • Bekak eta zerbitzu osagarriak.
  • Pertsonalari buruzko politika berria.
  • Hezkuntza politika.

Faltan bota dugu, ordea, hizkuntzen inguruko planteamendu zehatz eta ausart bat, ezin baitugu ahaztu atzerriko jatorria duten ikasleak gizarteratzeko eginbidean, hizkuntza ereduen sistema hautespen eta baztertze bidea bihurtu izan dela; beraz segregazioari aurre egiteko hizkuntza ereduak gainditu egin behar dira.

Eta bereziki zalantza eta kezka nagusi bat sortu zaigu: Nola pentsatzen du Eusko Jaurlaritzak hau dena egitea?, Horrelako plan zehatz eta zabal bat planteatu badu, aurreikusi al du neurri hauek gauzatzeko biderik aurrekontuetan? Erantzuna bakarra eta motza du azkeneko galdera horrek, 2019ko aurrekontuen proiektua aztertzen badugu: EZ borobil bat; aurkeztutako txostenean ez da ezer aurreikusten, ezta proposatutako neurrien euskarri izan beharko zukeen memoria ekonomiko bat ere.

Begira ditzagun aurrekontuen datu orokor batzuk.

Sare Publikoaren baliabideetan sartu gabe (askoz zailagoa delako partida zehatzak aztertzea, proiektu askok pertsonal propioarekin gauzatu daitezkeelako; orain, gainera, jakin dugu 126 irakasle gehiago kontratatu behar dituztela), hona hemen sare itunduan azaltzen diren zenbaki batzuk: atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea laguntzeko 2.090.000 euro eman dizkie Jaurlaritzak sare itunduko ikastetxeei aurten. Heldu den urterako 1.680.000 euro aurreikusi ditu, 410.000 euro gutxiago, %20ko jaitsiera.

 

Datuok ikusita, ohartuko zarete ikastolok nekatuta gaudela propagandaz, hitz politez, programa berezi eta bestelakoak ezarriko direla entzuteaz, errealitatea oso bestelakoa delako, ez daudelako baliabiderik horretarako. Gero esango digute behartuta gaudela programa horiek betetzera baina ez dugula diru gehiago izango, eta, gainera, jaitsi egingo dizkigutela diru partidak.

Beste bideren batetik ondo finantzatuta egongo bagina, lehentasunak aldatu eta beste gauzetarako dauden baliabideak bertan jarriko genituzke, baina hona hemen ere finantzazio orokorreko datuak.

Haur eta Lehen Hezkuntzan, sare publikoak 612.519.034 euro jasoko ditu, eta itunpekoak 313.304.614 (%66 eta %33, hurrenez hurren). Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan, sare publikoak 652.988.538 euro jasoko ditu, eta itunpekoak 361.963.732 (%64 eta %36). 0-3 etapan, berriz, sare publikoak 47.535.212 euro edukiko ditu, eta itunpekoak 29.127.322 euro (%62 eta %38). Orotara, sare publikoarentzat 1.313.042.784 euro izango dira, eta itunpekoarentzat 704.395.668 euro (%65 eta %35).

Gastu hauetan zuzenean etapa bakoitzean Hezkuntza Sailak bere aurrekontuetan gastatzen duen dirua dago, ez dira aurreikusten Hezkuntza Sailaren beste gastu orokorrak: bekak, euskara sustatzeko laguntzak, egiturazko gastuak,Berritzeguneak ….

Eta hau dena, derrigorrezko etapetan ikasle kopurua antzekoa izanik bi sareetan. 0-3 etapan, berriz, sare publikoan 0-1 urteko ikasleak eskolatzen dira, 5.000 inguru; eta itunpeko sarean, 0-2 urtekoak, 13.000 inguru (Udal Haur Eskolak barne).

Aurtengo urtean, arrazoi ezberdinak direla medio (PISA probak, Auto-diagnostiko probak, atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea, … ), Hezkuntza Sailak publikoki azaldu du egoera zuzentzeko programa ezberdinak martxan jartzeko borondatea (irakurketa planak, IKTen erabilera, euskara sustatzeko programa, orain inklusiorako proposamena, … ). Baina datorren urteko aurrekontuetan programa hauek guztiak martxan jartzeko ez da aurreikusi euro bakar bat ere, sare kontzertaturako behintzat. Ezin dira programa berriak martxan jarri baliabiderik gabe.

Hala ere, ikastoletan, behintzat, guretzako eta Euskal Herrian hezkuntza sistema propio bat eratzeko giltzarriak diren programak martxan jarriko ditugu, eta horretarako, berriro ere, gurasoei ekarpenak eskatu behar badizkiegu, horrela egingo dugu. Eta, zehazki, atzerritar jatorria duten ikasleen gaian, bere momentuan adierazi genuen bezala, beka sistema propioarekin jarraituko dugu.

Hau dena esan ondoren, mesede bat eskatu behar diegu Hezkuntza Sailari eta beste zenbait erakunde eta mugimendu soziali: Hezkuntza Sailak programa horietarako behar diren baliabideak jartzen ez dituen bitartean, ez eskatu guri ezinezkoa dena, alegia kuotarik ez kobratzea. Gure azken agerraldian esan genuen kobratzen genituela (eta adierazitako zenbakiekin argi ikusiko zen, honezkero, zergatik) eta jarraituko dugula. Gure gurasoak kontziente dira beren seme-alaben heziketaren garrantziaz, eta prest daude irakaskuntzarako 40-50 euro ordaintzeko hilean, jakinda, gainera, zati bat elkartasunera bideratzen dela. Eta bateren batek ezin badu, beti bezala tresnak jarriko ditugu bideratu ahal izateko.

Izenburuan esandakoa, asmo onak bai, … baina propaganda hutsean geratu dira oraingoan ere.

Jose Luis Sukia

Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusia

Share/Save